Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,March 3

Eto´o dela eta´a

Filed under: Kirol ez kirol

etoo
Samuel Etoó jokalaria da, Espainiako futbol ligan beltzen duintasunaren aldeko borrokaren kirol ikurra eta, astebete ez dela, esaterako, Zaragozako zaleria sutuaren orroe iraingarriak zirela-eta, zelaitik ateratzeko zorian egon ei zen kamerundarra. Baina Etoó kolore (beltze)koa izateaz gain Etoó da. Aspaldi ez dela ikusi genuen jokalari hau aurkariari gorro higuingarria aurpegira jaurtitzen, edota aspaldiago, gola sartu ondoren, eurena ez zen zelai osoari besoerdiak egiten.

Eredu izan nahi du jokalari honek, jendearen presioa jasan ezinik zelaia utziaz, umetxoen artean Kamerunetik popa bistan etorri eta arrakastatsu bilakatutako kirolariaren ilusioa zabalduz edota Madrileko esatari betilehenaren aldeko zuriari , elkarrizketan, esaldi bakoitza “hermano” hitzarekin bukatuaz. Eta eredu izatea barik, nabarmen geratzea baino ez du lortzen.

Polemika honen harira, Etoók egindakoa ondo ala txarto dagoen, gure arteko kirolari batzuek eurek hoberik aguantatu behar izaten dutela bota dute: aspaldian dopiñaren susmopean dagoen jokalaria izateagatik edo, beste barik, Espainian euskaldun agertzeagatik .

Egia da futbola masa kirola dela eta ikuskizun honen inguruan jatorri, jarrera eta jokaera ezberdineko jendea batzen dela zelaietan. Aniztasun honen babesean anonimo izateak erraztu egiten du errespetu falta eta irain erraza, zaletu alprojenek bestetarako dohainik ere ez dute-eta. Egoera horretan irainduak aurre egingo liokeela baleki, ez luke sarritan hain ausart eta sutsu jokatuko. Gogoratzen duzue Eric Cantonak ikusle bati musturretara jaurtitako hankarateka? Zer iruditu zitzaizuen hura?

Irabazten dituzten diru mordoak irabazita, jokalariek poltsikoak betetzen dizkietenetako batzuk zelakoak diren onartu eta presio horren pean jokatu eta entzungor izaten ikasi beharko lukete.
Utz diezazkietela irakaspenok instituzio, komite eta bestelako hezitzaileei, epe luzera behintzat, ezer konpontzerik badago.

Zer egin beharko lukete, ba, bizitza santu osoan, hasi alebin kategoriatik eta profesional mailara arte, putasemetik gorako loreak igandero-igandero entzuten dituzten arbitro sufrituek? Epaileak zelaietatik alde egiten hasiko balira, zer?






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica