Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,March 29

Gauari orduak jaten

Filed under: Zaharrak barri

kaanari
Aspaldian utzia nion zapatu-domeka gauetan irteteari baina azken aldian neurriz kanpo ari zaizkit ikuskizun ludiko-kulturalak metatzen. Aurtengo Athletic atzezalea partidu osteko parrandarako aitzakia izan badut (joandako eguazten-zapatuak urrun joan barik), berrogeikarion urtebetetze (zorionak Anetxu!) eta eguenetako musika ekitaldiak ere ez ditut, ez, galtzeko.

Ikasle sasoiak gogoratuz eguena izaten da asteburuaren atari eta Kafe antzokiko kontzertu potenteenak ere egun horretan izaten dira. Drive by truckers talde amerikarra ikusi eta entzun nuen aurreko eguenean eta, ekitaldi indartsua izanda ere, motz geratu zitzaidan aurrez izandako espektatiben aldean.

Auzoko Julen errudun eta gorputzaldia lagun, bihar bertan Anari entzutera joan behar dut antzokira (ez da milagro gero bloga goseak hilda edukitzea); aurreko batean Elorrion izandako kontzertuaz berak egindako iruzkina edonori jakinmina pizteko modukoa izan zen. Ez dut Anari zuzenean egundo ikusi baina, dagoeneko diskoa eskuratu ondoren, bihar Bilbon izango naiz. Egun argiari ordubete gehitu diogunean, ni neu, gau ilunari orduak jaten…

2006,March 27

Is there anybody out there?

Filed under: Zaharrak barri

…edo horrelako zeozer zioen Pink Floyd-en kantetako batek eta horixe etorri zait burura aspaldiko partez hautsez betetako txoko ahaztu honetan sartu naizenean…
Zer pentsatuko ete dute komentariorik sekula bota barik nire blogari kateatuta (kar kar kar) bizi ziren haiek?
Ez, ez da mp3a sartu ezinik behea jota nabilela… ezta agorraldi mentalak eragindako blogarakiria ere… udaberriarekin egunak luzatu egin ei dira-eta ea…
Azkenaldi honetan arlo guztietan bizi izandako nobedadeak asko dira asko direnez eta gauzatxo bi behar ditut berriro ekiteko: gauzak argiago izateko denborak ematen duen distantzia eta, berriro ere, pribilejio itzel dudan egun erdiko lanaldira bueltatzea. Badabil hor atzean inor?
hormí

2006,March 21

Ea oraingoan…

Filed under: Zaharrak barri


Ez dakizue ondo zelango ahalegin eta izerdiak eraman dizkidan blog-ean mp3 hau sartzeak. Dena ez da, berriz, hemen amaitu. Pantailan dago “lorotxoa” , hortxe, lehenago ez bezala; nik neuk ez dut ezer entzuten baina.

Egidazue, mesedez, komentariotxoren bat, entzuterik lortuz gero.

Eskerrik asko, Isidro.

2006,March 15

Kortinglesa

Filed under: Zaharrak barri

Umetan, Bilbo inguru osoan gunetzar komertzialik ez zen sasoian, Kortinglesa toki majikoa zen guretzat: eskailera mekanikoetan gora eta behera ibiltzearen nobedadeaz gain, toki hartan mota guztietako txibizkeriak genituen eskuerara, 2. eta 3. solairuetan bereziki. Etxean, baina, aita izaten genuen Kortinglesaren oposizio nagusi: hobe genuela Zazpi kaleetako edozein dendatan erostea, hura espainolen esku zegoela-eta. Orduan aitari jaramon handirik egiten ez bagenion ere, Franco hil eta gero, lehengo piperpoto hori-gorri, realmadrileko kamiseta, osbornezezen eta vasquito-nesquitekin batera, ikurrin erraldoi, arranobeltz eta mota guztietako zazpiakbatak nahastu ziren, han, oroigarrien txokoan. Demokrazia eta kulturbitasuna Kortinglesean, patrika betetzea helburu, berdin da nondik jo. Tolerantzia kontua, tolerantzia ezarena, izango da, baina txoko hartako anabas kulturalak gonbitolarria eragiten zidala igartzean beste behin ere aitak arrazoia zuela onartu behar izan nuen.

Gaur bertan , Bilbo erdaldunean ere, azentu ezberdina dutela aitari “aita” eta amari “ama” esaten zaionean, San Jose egunaren errapeari tiraka, honelaxe zioen Kortinglesaren iragarkiak: PARAPAPÁ Eta aspaldiko partez gonbitolarria etorri zait berriro.

2006,March 10

Arin eta ondo

Filed under: Zaharrak barri

Stop! Geldi hortxe bertan! Bihotza bere tokitik atera beharrean, denera ailegatu ezinik zabiltzala jo batera eta jo bestera? Kieto, etenaldia! Slowness, arnasa sakon hartu birikiak bete-bete egin arte eta bota. Zertan ari naiz? Erritmo zoro hau nire bizimoduaren kaltegarri da? Oraintxe da hausnarraldirako sasoia, bizitza motel, mantso, astiro hartu behar da, slowly

Hauxe da EEBBetatik datorkigun moda berria. Denbora urrea da , Time is money eta perder el tiempo bezalako esakerak geure egin eta arrakasta bizkor eta inor baino lehen dabilenarena dela sinestu dugunean, denbora luzatzeko sekretua azeleragailua askatzea dela dioskue.

Azkar eta ondo ez ei dira elkarren lagun eta kantitatea ere ez ei da beti kalitatea baino inportanteagoa; teknologia eta aurrerapenen aurka egon barik, bizimodu hobe eta lasaiago batera bidean, faktore ezberdinen arteko oreka bilatu behar ei da. Gauza azkarra erabilgarria bada, ona; zer azkar horrek bizi kalitateari okerrera eragiten badio, moteldu, mantsotu, geratu, oldoztu eta indarra hartu.

Fast food-aren sorterrian USA otordu motela izeneko jatetxe katea ere indarra hartzen dabil,itxura denez, eta moda hauek guztiek, hegazti migrariek bezalaxe, norabide berbera ekartzen dute: etorri zen tabakoa, etorri zen fast food-a, etorri da tabako erretzaileen ehiza, Slowness-arekin batera slow food-a etorriko da…

Ez dute, dena dela, ezer berririk asmatu: beste gauza askoren artean, aspaldian irakatsi zidan amama Agustina zenak “Arin eta ondo usoak egiten duela hegan… eta, batzuetan, berak ere errementau”.
astiro

kalitatea

2006,March 9

Blog hau ere dispertsioaren aurka

Filed under: Eman ta zabal zazu

2006,March 7

Hiru poema emakumeentzat

Filed under: Zaharrak barri

Poesia behar duenarena ere badelako, hiru poema emakumeentzat:

1
Hau harrikoan diharduen emakume batentzako
poema da.
Hau harrikoan diharduen emakume batentzako
poema da.
Errepikatu beharrekoa da
errepikatu behar da
behin eta berriro.
behin eta berriro,
harrikoa egiten diharduen emakumeak
harrikoa egiten diharduen emakumeak
ezin duelako ondo entzun
ezin duelako ondo entzun

2
Beste poema hau emakume batentzat da,
behearen gaina garbitzen ari dela
ezin duelako ezertxo ere entzun.
Egin dezagun minutu beteko isilaldia
behegaina garbitzen dabilen emakumearen alde.

3
Eta hona hemen beste poema bat
etxean umeekin
dagoen emakumearentzat.
Inoiz ez duzu gauean ikusiko.
Gera zaitez gune huts bati begira
eta irudika ezazu bertan
emakumea umeekin,
ezin delako hemen egon berberak
berba egiteko,
eta adi ezazu
zeure iritziz
berak esango lukeena

Susan Griffin (Los Angeles, 1943)
Hiru poema emakumeentzat

2006,March 6

Super euskalduna

Filed under: Eman ta zabal zazu

Kantu hau Andoni Tolosa Moraurena da eta Julen Gabiriaren Kultura sinpatikoa irakurri dudanean etorri zait gogora.
Entzun nahi baduzue, Hotsak-en orrian daukazue.

Sukaldari ona behar du izan
ondo menperatu lapikoak
apostuzale, tratalari bikain
asetu guztien sabelak
300 kiloko harria altxatu
astopotro xamarra beraz
hitz bakarra ta hori sekula
jaten ez duenetakoa
Morroitzarako aproposa behar du
umil eta langilea
inork ez dituelako maite
euskaldun alprojak
eta hori guztia aski ez balitz
zintzo eta egizale behar
elizkoi, ondradu, kantuzale, mozkor
izatea da bere kondena
non da euskaldun ezinhobea
zeu zara euskaldun perfektoa
hori al da super euskalduna?
tripa zorro, ixil, bihotz onekoa
primitibo engainaerreza
etxekoen nagusi, kanpokoen morroi
zerbitzari oso leiala
laster museora eramango gaituzte
hain gara maitagarriak
desagertze zorian leudeken
beste batzuekin batera

non da euskaldun ezinhobea
zeu zara euskaldun perfektoa
hori al da super euskalduna?

2006,March 4

Heriotza naturalak ei

Filed under: Zaharrak barri

Joseba Arregi ere bihotzekoak jota edo bere buruaz beste eginda hilko zen, geroago torturaren aztarna lazgarriak erakusten zituzten argazkiak agertu ez balira.

Mikel Zabaltzarekin lezioa ikasia zuten eta Intxaurrondoko baineran barik Bidasoako uretan agertu zen itota.

Kalparsorok komisaldegiko leihotik behera salto egin ei zuen; Yantziri bihotzak egin ei zion huts; Zabala edo Geresta ez ziren komisaldegian sartu ere egin eta baso ilunetan hilotz agertu ziren; Peli berak egindako urkabilurretik zintzilik agertu zen ziegan…

Astebetean bere burua urkatuta ohe gainean agertu da Igor Angulo santurtziarra eta bihotzekoak jota Roberto Sainz portugaletearra.

Oraingoan ere, Romanorenean bezala, nik neuk ez diet sinesten.

2006,March 3

Eto´o dela eta´a

Filed under: Kirol ez kirol

etoo
Samuel Etoó jokalaria da, Espainiako futbol ligan beltzen duintasunaren aldeko borrokaren kirol ikurra eta, astebete ez dela, esaterako, Zaragozako zaleria sutuaren orroe iraingarriak zirela-eta, zelaitik ateratzeko zorian egon ei zen kamerundarra. Baina Etoó kolore (beltze)koa izateaz gain Etoó da. Aspaldi ez dela ikusi genuen jokalari hau aurkariari gorro higuingarria aurpegira jaurtitzen, edota aspaldiago, gola sartu ondoren, eurena ez zen zelai osoari besoerdiak egiten.

Eredu izan nahi du jokalari honek, jendearen presioa jasan ezinik zelaia utziaz, umetxoen artean Kamerunetik popa bistan etorri eta arrakastatsu bilakatutako kirolariaren ilusioa zabalduz edota Madrileko esatari betilehenaren aldeko zuriari , elkarrizketan, esaldi bakoitza “hermano” hitzarekin bukatuaz. Eta eredu izatea barik, nabarmen geratzea baino ez du lortzen.

Polemika honen harira, Etoók egindakoa ondo ala txarto dagoen, gure arteko kirolari batzuek eurek hoberik aguantatu behar izaten dutela bota dute: aspaldian dopiñaren susmopean dagoen jokalaria izateagatik edo, beste barik, Espainian euskaldun agertzeagatik .

Egia da futbola masa kirola dela eta ikuskizun honen inguruan jatorri, jarrera eta jokaera ezberdineko jendea batzen dela zelaietan. Aniztasun honen babesean anonimo izateak erraztu egiten du errespetu falta eta irain erraza, zaletu alprojenek bestetarako dohainik ere ez dute-eta. Egoera horretan irainduak aurre egingo liokeela baleki, ez luke sarritan hain ausart eta sutsu jokatuko. Gogoratzen duzue Eric Cantonak ikusle bati musturretara jaurtitako hankarateka? Zer iruditu zitzaizuen hura?

Irabazten dituzten diru mordoak irabazita, jokalariek poltsikoak betetzen dizkietenetako batzuk zelakoak diren onartu eta presio horren pean jokatu eta entzungor izaten ikasi beharko lukete.
Utz diezazkietela irakaspenok instituzio, komite eta bestelako hezitzaileei, epe luzera behintzat, ezer konpontzerik badago.

Zer egin beharko lukete, ba, bizitza santu osoan, hasi alebin kategoriatik eta profesional mailara arte, putasemetik gorako loreak igandero-igandero entzuten dituzten arbitro sufrituek? Epaileak zelaietatik alde egiten hasiko balira, zer?






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica