Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,February 27

Karnabal, karnabal…

Filed under: Zaharrak barri

Asteartea helduta inauteriak onenak emanda egoten dira ia mundu osoan, baina gure herrian, tabernarien mesederako-edo, hurrengo asteburuan ospatzen dira.

Ni neu sekula ez naiz hango edo hemengo jaiekin lotuegi egon, herrira basotik etorri berritxoa naiz, dozenerdi bat urte, eta zapatu-domeka bertan egotea tokatuko ez balitzait, ez nituzke jaiok faltan izango. Bestalde, neurez hits eta aspergarria izateaz gain, amorrua alderdi linguistikotik hasten zait urtero-urtero: “zerTAZ mozorrotuko zara aurten?” Sentitzen dut, irakasle izaten naiz gau eta egun, full time teacher, neure bostean bada ere.

Hortik aurrera, kuriositate zoologikoz begiratzen diet honelako edo halako disfraza janztea erabaki dutela-eta, etengabeko berriketan eta hara honako osteratan dabiltzanei…
mask
Gure artean bada taldekako mozorroak aukeratzeko ohitura eta, ematen duenez, karnabal handietako desfileetan-eta mota honetako montajeak dira arrakastatsu eta graziosoenak. Ez niretzat. Mozorrotu izan naizen apurretan, azken momentuan izandako ideiaren batengatik-edo izan da, ezer erosi barik etxeko ganbaran aurkitutako trapu zaharren batzuk konbinatuta eta emakume janztea hasiera-hasieratik baztertuta. Hori uneko aldartearen arabera, jakina, mozorroak eramateko era bi daudela uste dut-eta: duintasun eta komentzimendu osoz ala, hordi-hordi eginda, lotsaren kontrako anestesiaren eraginpean.

Batera ala bestera, hasieran nahi izan barik ibiltzen naizela eman arren, gero ondo ere pasatu dut inoiz… Emango lidake inork ondo pasaraziko didan disfrazen baten ideiarik?

2 Comments »

The URI to TrackBack this entry is: http://jonas.blogsome.com/2006/02/27/karnabal-karnabal/trackback/

  1. Aupa Asier,

    nik badut inoiz hutsik egiten ez duen mozorro bat: Maria José Cantudorena. Bai. Aitortzen dut alferra naizela mozorro berrien bila hasteko; pentsatzen hasten banaiz, beti berberak bururatzen zaizkit, eta horretarako nahiago dut segurura jo: Maria José Cantudok ez du sekula fallatzen.

    Hori bai, Maria José Cantudoren mozorroari urtero-urtero ñabarduraren bat gehitzen diot, eta urte batean “Maria José Cantudo saskibaloizalea” banaiz, hurrengoan “Maria José Cantudo berriemailea” izango naiz, eta hurrengoan “Maria José Cantudo meatzaria”. Esate baterako.

    Gogoratzen dudanagatik, “berriemaile” bariazioan izan nuen arrakastarik handiena. Ohiko MJC-arropaz gain (gona bat, peluka, abarkak, brusa… bidean topatzen duzuna), mikrofono bat neraman. Baina hori ez zen dena izan: poltsan, grabagailua ere neraman, eta mikroa grabagailuari lotuta. Kontua da jendeak bakarrik mikroa ikusten zuela, ez grabagailua: grabatzen ari ez nintzelakoan, jendea lasai-lasai hasten zitzaidan bere kontuak esaten mikrofonotik, nik dena grabatzen nuen bitartean.

    Grabazio etiliko hori oso baliagarria izan dakizuke etorkizunean ere, zer dakit nik, txantajeren bat egiteko adibidez. Guk kotxeko irratian jartzen genuen zinta hura gero, eta sekulako barreak egiten genituen jendearen astakeriak berriro entzutean.

    Ba hori, Asier, hurrengo urteko inauterietan Maria José Cantudo ikusten baduzu, badakizu nor den.

    Comment by Julen — 2006,February 28 @ 7:19 am

  2. Jajajaja… Eta Mª Jose Cantudo jantzita, ez al zaituzte beste inortzat hartzen, ez dakit, Angela Molina edo harako miss izandako Amparo Muñoztzat hartzen, adibidez? Hain ona da karakterizazioa? Argazkiren bat eskegi behar duzu blogean jajaja. Txo, pentsatzen jarrita, Aramis Fusterrena ere, bikini hutsik, ez da txarra… jajaja baina nire printzipioen kontra doa emakume janztearena. Hala ere mozorro pertsonalizatuarena ez da ideia txarra.

    Comment by Administrator — 2006,February 28 @ 10:07 am

RSS feed for comments on this post.

Leave a comment

Line and paragraph breaks automatic, e-mail address never displayed, HTML allowed: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>























Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica