Eskerrak hutsagatik
Urteekin gainditu ahal izan dudan kontuetako bat musika espainola mespretxuz ikusteko joera da. Ume-umetatik, diktadurapeko telebistak eraginda, kutsu andaluza zeukan oro hartzen genuen espainolkeriaren ikurtzat eta musika hori baztertu egiten genuen, Britania Handitik edo Euskal Herritik, geroago, zetorrenaren mesedetan.
Oraintxe bertan nator Durangon La cabra mecánica-ren ekitaldia ikustetik. Talde hau doinu rumberoetan aitzindari izan da, Estopak edo Melendik eztanda egin baino askoz lehenago. Lichis sinpatikoa arima eta buru duen talde hau ez du merkatu ofizialak behar bezain ondo tratatu: letren garraztasuna, antiheroien gorazarrea, underground zapore mingots hori… osagai aproposak izan daitezke taldea PZ-tzat (politikoki zuzena) ez hartzeko.
Kanta askok rumba oinarrian badu ere, Cabrak ez dauka lotsarik edozein estilori ekiteko, dela rock-a, boss-a edo hip-hop-a, dela son-a, pasodoble, tango edo reggae a: duintasun eta gustu handiz darabil edozein estilo, baita euren arteko mestizaje lan bitxiak egin ere.
Kontzertua itzela, aspaldian ikusi ez nuen modukoa. Jendea kantuan, dantzan zein kantariarekin solaskide. Enpatia handia sortzen duen morroia Lichis hau, agur-esker emateak euskaraz egin ditu ia-ia denak eta “Gracias por nada” abestia, gracias esaten jakinda, zelan demonio esango litzatekeen bota du; horretxi bueltaka ibili natzaio zati batean, jai egunean ere langile.
Oroigarri kamisetatxoa erosi, harekin batera diskotxo bat jaso (Outro jazz) eta kotxean sartuta A 8ko freskeran zehar (-3º) etorri naiz, inguruan egunotan botatako edurrak ditudala.
Eskerrak hainbeste emoteagatik, Cabra.
