Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,February 7

To, blog emozionala!

Filed under: Zaharrak barri

Lagun bat dut blogen kontu berri honek emozioei zelan eragiten dien interesatuta. Batari irakurri eta besteari entzun ei die gainez egin behar dutela handik eta hemendik (aholku eske, imajinatzen dut) ailegatzen zaizkien idatzi eta komentarioei erantzun nahi eta ezinik.

Lagun honen hitzetan, “blog emozionala” eraiki beharko litzateke, sentimendu horiek konpartitu, aztertu eta terapia bezala funtziona dezan.

Orain arte lagun esan diodan arren, damutzen hasita ere banago, traste hauei nik baino lotsa gutxiago izanik, berak bultzatu baininduen abentura honetan.

Itzela izan da gaurko eguna: blogaren erraiotan eskuan bisturia hartuta fin-fin nenbilela, behar ez denen bat ikutu, “Fatal error” esan eta zorioneko inbentoa, frijituta, ez atzera, ez aurrera geratu ez zait, ba! (I´ve killed my blog!!!) Katuaren bibolinak, kaka zaharraren flautak eta deabru gorri guztiak atera ditut airera, azkenean, nondik edo handik idatzi guztiak errekuperatu eta aberia zelan konpondu otu zaidan arte.

Horra hor piztia berriro ere. Emandako jateko guztiak gaurko data izan arren, jakizu pare bat asteko neurria direla.

Gaur, txoko honen izeneko heste luzea laguntzat hartutako horren sama inguruan lotu eta estu-estu teinkatzeko prest ere izan naiz…

Eskerrak konpondu dudan…

urkatua

Badu inork zalantzarik?

Filed under: Eman ta zabal zazu

Nork ez du honezkero ikusi Unai Romanoren aurpegi handituaren argazkia? Guardazobilek gasteiztarra atxilotu eta komisaldegitik urtendakoan ateratakoa da.

Madrilgo auzitegi probintzialeko epaileak bere horretan jarraitzen du: Unai Romanok bazterra apropos jota jarri ei zuen bonbila-aurpegi hau, kolpe bakar batez, erakunde armatuak agindutako moduan, herritarrok komisaldegietan izaten den tratu abegikorraen dudarik izan ez genezan…
unai
Artxibatu egin behar ei dute kasua eta salatzailea salatu: gezurretako testimonioa eman eta talde armatuaren laguntzaile izateagatik.

Sasoi hartan kasu honek ez zuen izan, ez, hemengoxe hedabideek emandako zabalkundea baino eta, orain ere, lau bat urte geroago, ez du justizia espainiarraren beste ebazpen barregarri batzuek besteko sonarik izango.

Bitartean hemen, aspertu nahi ez eta PZ izan nahi badugu, jarrai dezagun adierazpen askatasunaren izenean Mahomaren karikaturarik egin daitekeen eztabaidatzen, Guantanamoko puntako atxilotuek jasaten dituzten txakurkeriak salatzen edota Tibet-eko puntako erresistentzia goraipatzen.

Mohammeden aurpegia

Filed under: Eman ta zabal zazu

Ernegatuta baino gehiago sutan ei dago gizarte musulmana eta horrelaxe ikusi ahal izan dugu egunotako albistegietan. Danimarkako egunkari batean agertutako Mahomaren karikaturak izan ei dira matxinadaren lehen txinparta eta mendebal usaina daukan guztiari su ematen ikusi ditugu kalean gizasemeak .

Herri musulmanen bat ezagutu duenak sobran jakingo duenez, musulmanena erlijio ikonoklasta da: giza irudirik ez daukan jainko ikustezina gurtzen dute eta euren mezkitetan apaingarrien artean ez da inolako giza irudirik ikusten.

Gizakiaren historian astakeria handiak egin dira erlijioen izenean eta, gertaera honek ere, sinesmen erlijiosoak muturretara eramatearen eta bizimodu baten ardatz mitoak eta erritoak izatearen zentzugabekeria ikusarazten digu.

Harrigarria egiten zait, ordea, sumindura kolektibo hau biñetok argitaratu eta lau hilabetera zabaltzea ere…

Susmatzen dut, munduan gauzak dauden moduan daudela, kontu hau, adierazpen askatasunaren aldekoen eta musulman amorratuen arteko auzia baino gehiago, asmo izkutuek mugitzen duten gogo erakusketa hutsa dela: “demokrata mendebaldarron” eta “musulman fanatiko, zoroen” artean dauden zibilizatze neurrien arteko aldea erakutsi nahia.

ia hau

Zergatik drogatzen dira gazteak?

Filed under: Eman ta zabal zazu

Beti-betiko galdera honen inguruan jardun behar zutela entzun dut aste honetan bertoko irrati batean eta adituei entzun beharrik gabe, gazte izan naizen aldetik, neu saiatuko naiz erantzuten (Ez dut “iritzi apala” esan nahi izan, neure ustea beldurrik gabe esango dut-eta)

“Drogatu” esaten den tokian “edan” ere esan zitekeen, ondorio kaltegarriei bagagozkie; bigarren honek, beharbada, beste saioren bat betetzeko eman liezaieke baina nik neuk ez dut bereizketarik egingo ez kausetan, ezta ondorioetan ere.

Drogak beste edozein eginkizunen osagarri izan daitezke, dudarik ez dago, horren lekuko beheraxeago aipatutako kantaldian erre zen porro mordoa, pasiboki nik neuk ere beste hainbeste.

Eta kontzertu haren momentu batean, kanta askoren letrak jakituriaz beteta egoten dira, hara non Lichisek auzi honen arrazoi biribila bota zuen: “…y e la farta de amor, la que llena los bares…” To arrazoia. Neure egiten dut.

Heldu bihotzbakartien sendagai-iturriaordu batzuetatik aurrera tabernetan badago, gazteek, errazago hitz egiteko, inoren aurrean nabarmentzeko, dantzarako lotsa galtzeko edo esan dezagun, txortarako, jotzen dute, gehienetan ez dute jotzen, eskuragarriagoak zaizkien litro, porro eta bestelakoetara .

Hala ere, aurpegi zein kantu guztiek dute bere ifrentzua eta Lichisen ahotan jarritako honek badu, berriro ere bere ahotik, beste erantzun biribil bat: “… porque el amor es un deporte muy raro, y como vicio bastante caro…”

Egingo dugu txirritxoa, maittia?

to

Negu gorriaren zuritasuna

Filed under: Zaharrak barri

Aspaldiko partez Bizkaia alderik alde zuritu digu edurrak asteburu honetan eta, berriro ere, umetako magia bizi ahal izan dugu etxetik urrundu barik.

Umetan edurrarekin izaten dugun kontaktua estuagoa da, duda barik, lagunen arteko edurpelota gerrak, igloo eraikuntza, plastiko irristariak, behearen gainean garra-garraka eta busti-busti amaitzea…

Gogoan dut gaztetan etxe ondoko izozkiak saltzeko Frigotxabolatxoari atea zelan erauzi genion, harantzagoko aldats beldurgarri batean behera koadrila erdi amiltzeko. Hura izan zen hura ideia aldrebesa: ate gainean beheraldi zoroan gindoazen lau lagunetatik aurrekoak sufritu zituen, telefono postea jo ondoren, kalterik handienak. Hanka apurtu zuen talka bortitzaren erruz (posteak ere galdu zuen bere bertikaltasuna) eta atzean gindoazenok ezer hautsi ez bagenuen ere, hankarteko koskabiloak aurrekoaren buruaren kontra zapaldu genituen ederto.

Gustatzen zait goizean goiz eguneroko geografiatxoa San Blas kokotea bailitzan zuri-zuri ikustea; norberaren pausuen karraskotsa baino ez izatea entzungai, drazz, drazz; atzera begiratu eta oin arrastoen lerro luzea ikustea zuri aratzean, orban iluna… eta horixe egin nuen atzo ere, goizeko zazpi t´erdietarako negu gorriko zuritasuna sentitzera urten, mendian gora, bestelakoan hain neketsu egiten zaidan bidea irentsi, drazz, drazz.

Hurrengoan ere edurtea zapatu-domekan tokatuko ahal zaigu!
(OHARRA: “drazz-drazz” onomatopeia polita Jon Benitori ikasia da.)

Eskerrak hutsagatik

Filed under: Rock Erotik

Urteekin gainditu ahal izan dudan kontuetako bat musika espainola mespretxuz ikusteko joera da. Ume-umetatik, diktadurapeko telebistak eraginda, kutsu andaluza zeukan oro hartzen genuen espainolkeriaren ikurtzat eta musika hori baztertu egiten genuen, Britania Handitik edo Euskal Herritik, geroago, zetorrenaren mesedetan.

Oraintxe bertan nator Durangon La cabra mecánica-ren ekitaldia ikustetik. Talde hau doinu rumberoetan aitzindari izan da, Estopak edo Melendik eztanda egin baino askoz lehenago. Lichis sinpatikoa arima eta buru duen talde hau ez du merkatu ofizialak behar bezain ondo tratatu: letren garraztasuna, antiheroien gorazarrea, underground zapore mingots hori… osagai aproposak izan daitezke taldea PZ-tzat (politikoki zuzena) ez hartzeko.

Kanta askok rumba oinarrian badu ere, Cabrak ez dauka lotsarik edozein estilori ekiteko, dela rock-a, boss-a edo hip-hop-a, dela son-a, pasodoble, tango edo reggae a: duintasun eta gustu handiz darabil edozein estilo, baita euren arteko mestizaje lan bitxiak egin ere.

Kontzertua itzela, aspaldian ikusi ez nuen modukoa. Jendea kantuan, dantzan zein kantariarekin solaskide. Enpatia handia sortzen duen morroia Lichis hau, agur-esker emateak euskaraz egin ditu ia-ia denak eta “Gracias por nada” abestia, gracias esaten jakinda, zelan demonio esango litzatekeen bota du; horretxi bueltaka ibili natzaio zati batean, jai egunean ere langile.

Oroigarri kamisetatxoa erosi, harekin batera diskotxo bat jaso (Outro jazz) eta kotxean sartuta A 8ko freskeran zehar (-3º) etorri naiz, inguruan egunotan botatako edurrak ditudala.

Eskerrak hainbeste emoteagatik, Cabra.
beste batlichis

Plazer txiki hoiengatik ez balitz

Filed under: Zaharrak barri

felipe
“Bizitzak emandako plazer txiki hoiengatik ez balitz” zioen sasoi bateko Hertzainak taldearen kantak eta, gaur, ikastetxean Zazpi bider zazpi liburuaz ziharduela, Felipe Juaristik abentura egunerokoan, edozein txokotan dagoela sinetsarazi digu, urrunera joan behar izanik barik.

Momentu horien berezitasuna antzematen jakitean ei dago trukoa, une horiek benetan ederrak direla konturatu barik pasatzen ez uztean.

Nabilen nabilen

Filed under: Zaharrak barri

Nabilen nabilen… nahi ezta bezala, sartu naiz dagoeneko blogen basatza honetan ere, “piztia” behar bezala eta behar bestetan elikatzeko gauza izango ete naizen pentsatzen jarri barik.
Ez dago atzerarik baina. Neuk ere badut neurea.






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica