Bata, bestea ta txakurraren hestea

2006,February 27

Karnabal, karnabal…

Filed under: Zaharrak barri

Asteartea helduta inauteriak onenak emanda egoten dira ia mundu osoan, baina gure herrian, tabernarien mesederako-edo, hurrengo asteburuan ospatzen dira.

Ni neu sekula ez naiz hango edo hemengo jaiekin lotuegi egon, herrira basotik etorri berritxoa naiz, dozenerdi bat urte, eta zapatu-domeka bertan egotea tokatuko ez balitzait, ez nituzke jaiok faltan izango. Bestalde, neurez hits eta aspergarria izateaz gain, amorrua alderdi linguistikotik hasten zait urtero-urtero: “zerTAZ mozorrotuko zara aurten?” Sentitzen dut, irakasle izaten naiz gau eta egun, full time teacher, neure bostean bada ere.

Hortik aurrera, kuriositate zoologikoz begiratzen diet honelako edo halako disfraza janztea erabaki dutela-eta, etengabeko berriketan eta hara honako osteratan dabiltzanei…
mask
Gure artean bada taldekako mozorroak aukeratzeko ohitura eta, ematen duenez, karnabal handietako desfileetan-eta mota honetako montajeak dira arrakastatsu eta graziosoenak. Ez niretzat. Mozorrotu izan naizen apurretan, azken momentuan izandako ideiaren batengatik-edo izan da, ezer erosi barik etxeko ganbaran aurkitutako trapu zaharren batzuk konbinatuta eta emakume janztea hasiera-hasieratik baztertuta. Hori uneko aldartearen arabera, jakina, mozorroak eramateko era bi daudela uste dut-eta: duintasun eta komentzimendu osoz ala, hordi-hordi eginda, lotsaren kontrako anestesiaren eraginpean.

Batera ala bestera, hasieran nahi izan barik ibiltzen naizela eman arren, gero ondo ere pasatu dut inoiz… Emango lidake inork ondo pasaraziko didan disfrazen baten ideiarik?

2006,February 24

Zarra zaharra zendu da

Filed under: Kirol ez kirol

Athletic-en ikur nagusietako bat joan eta legendara bidean jarri zaigu: Telmo Zarraonaindia.

Zarra, euskaldunon deitura luzeok errazteko dagoen ohituragatik , eta hain geure ere ez dugun z erdaldunez ahoskatutakoa.

Beronek jokatutako sasoirik ezagutu izan ez arren, zuribeltzeko futbol zirkinmotelarekin lotzen gaituen izena da Zarra; futbolari prakazabalek, ilea gominaz busti-busti egin eta atzeraka orraztuta, kamarari zintzotasun eta naturaltasun handiagoz begiratzen zioten sasoiarekin. Gure gurasoek buruz errepikatzen duten iriondovenanciozarrapanizogainza kateko begietako bat.

Athletic-en bolada malkartsu hau bezalakoetan aldarrikatzen den zaleriaren hatsa errotzen hasi zeneko futbol epiko euskal labeldunarekin lotzen gintuen zilbor hestea eten da. Ondo bizi, Telmo.
zarra

2006,February 23

Blog & literature

Filed under: Eman ta zabal zazu

Neure ingurraztitxo hau sortu aurreko maisuen berriei begira nabil egunokaz eta etenik gabeko eztabaidan ikusten ditut, blogetakoa literatura ete den eta abar, eta abar, eta abar… Akerraren adar okerrei buelta eta buelta eragiten.

Auzi hau noiztik honakoa den ere ez dut ezagutzen, baina ematen dit Eibarko matrikuladun blogak baino ez zirenean horrelako zalantzarik ere ez zela sortzen, elite kontu bat zela blogari izate hori eta denok goraipatzen zuten eskailera maila bereko idazle-irakurle erlazio hori; orain, blogen boomarekin batera, nik bezalako hainbat gordintxok interneteko zamarrapoto euskalduna gainez jartzen dugulako-edo, egiten duguna literatur izatera ailegatzen ete den gabiltza berriketa hotsean… Ni neu euskaraz gustu minimo batez idazten den guztiak interneten bere tokitxoa izan dezakeela-ta nago. Zer dela-eta ez da polemika hau berau euskal literatura paperezkoaren inguruan sortzen? Idazten den guztia ontzat jo beharrean, non daude literatur etiketak partitu edo eskuetatik kenduko dituzten kritikariok?

Idatzizko sortze lanerako gaitasuna banatu zen egunean sasieskola egingo nuen nik, baina, honetaz edo hartaz, neure iritziak eman, neure sentimenduak adierazi edo neure inguruan ikus-entzundakoen kronika apalak irakurtzen jarraitu ahalko duzue hemen. Eta literaur gaitasuna literatura kontsumituz areagotzen denez, aitortzen dut, blogomania honek zurrupatuta bizi naizen bitartean, gero eta paper gutxiago irakurriko dudala eta nire idatziok gero eta simaur usain handiagoa izango dutela.zamarrak

2006,February 20

Galeraren teoriaz

Filed under: Eman ta zabal zazu

Pako Aristik “euskal idazle” izatea baino haragoko asmorik ez duela inoiz izan azaltzen zigun maisuki joan den asteko Galeraren teoria izeneko testu oparoan.

Haren lanari buruzko interes zuria agertzen duten balizko irakurle espainolek bere lanek erdaraz publikatuta zabalkunde handiagoa izango ez ete duten galdetzetik, ea erderaz zuzen-zuzenean idaztea pentsatu ez ete duen galdetzera arteko iradokizunak egin ei dizkiote. Errespetu falta itzela ordura arte hizkuntza honetan egindako ahalegin handiari.

Nik neuk, aita gordin eta berri xamar honek, Galeraren teoria idatziak niri eragindako burutaziotxo batzuk komentatuko ditut.

Guraso ugari gara seme-alabak euskaraz hazi daitezen sekulako ahalegina egiten ari garenak eta norberaren familia inguruaz gain bizitzeko tokatu zaigun lekua ere baldintzagarri izaten da zeregin honetan. Pare bat urteko umetxoa egunero-egunero kalera urten, auzoko-herritarrek umeari berba, gazteleraz, gurasoak interprete eta mozolo aurpegiz hornitutako galdera: “Al niño no le hablais mas que euskera?”, “No quereis hablarle castellano?” Neurriko erantzunak posibleak: “No, el niño aprenderá castellano contigo”, edo zakartxoagoa, “el niño aprenderá castellano antes que tu euskera”. Hau Bilbo ondokoxe Txorierrin. Gure semetxoa, lau urte egin berri, oraintxe hasi da halabeharrez lagun giroan, dendetan-eta gaztelerazko lehen esalditxoak egiten eta ez dugu bere erdal maila hobetu eta artikulo femenino-maskulinoak bereizten ikasiko duen inongo zalantzarik.

Baina Pakok literaturarako dioen bezalaxe, errespetuz, dotore eta harro adierazi behar zaie galtzen dutenak eurak direla. Gurea ez dela munduaren aurrean ikustezin bihurtzen gaituen hizkuntza txiki, isolagarri batean jarduteko egoskorkeria, ez dugula inor ez izatea maite, sentimendu eta hurbiltasun kontua dela. Eta herri honen arima ezin dela ulertu eremu honetan hizkuntza gazte bizarguri baino ez diren gaztelera eta frantsesaren bitartez. Zer irabazia eurak dutela.

Txorierri ez da Ezkerraldea, baina ezta Lea-Artibai edo Urola aldea ere. Euskaldun agertzeko egin behar den ahalegina ez da berdina batean ala bestean, baina batera edo bestera ezinbestekoa da euskaldun askori kendutako (edo eurek galdutako) harrotasuna berreskuratzea.

2006,February 17

Hertzain jaio eta Hertzain amaitu

Filed under: Eman ta zabal zazu

Hertzainak taldearen dokumentala iragarri zuten ETB1en herenegun eta, nostalgiarekin lar sufritzen ez dudan aldetik, gogotsu egon nintzen ikusteko zain.
Dokumentalak, berez, gauza berri gutxi erakutsi zigun,aspaldiko musika saioetan lehen emandako txatalen collage bat izan zen eta.

Hertzainak taldearen ekarpena izugarria izan zen, beharbada, sasoi hartako giro sozio-politiko nahasiak lagunduta, eremu berezi batzuetan izan zuen eraginagatik. Euren lehen diskoa atera aurretik, Dios salve a nuestros maravillosos grupos locales irratsaioan, laburra izena, ezagutu nuen nik; harrezkero euren arrastoaren atzean ibili nintzen harik eta lan hura eskuetan izan nuen arte.
hertzainak

Ez zegoen taberna, txozna, jai, euskaltegi ez barnetegirik Hertzainen doinuek beteko ez zutenik. Gammak berak, Xabier Montoya, Londonen ezagututako doinu punkak Euskal Herrira ekarri eta taldea sortzean euskara ikasi beharra sentitu zuen bezalaxe, premia berbera sentitu zuten euren zapatu-domekak Hertzainen kantez alaitzen zituzten makinatxo bat gaztek. Ordura arte gazte erdaldunak, familietan inongo euskal erreferentziarik ez zutenak, euskararen mundura bultzatu zituen talde handi honek.

Gerora Gari txuleskoak hartuko zuen taldearen protagonismo osoa eta, kasu gehienetan bezalaxe, denborarekin pasteldu edo indarra galdu zuen (Aitormena!!!) Hertzainak taldeak; hain eremu txikian hainbat aldiz ekin beharrak duintasunez erretirarazi zituen eta halango baten, lehen baino lehen, elkarrengandik askatu ginen.

2006,February 16

Zereko zerak zereko zerari zera zertu…

Filed under: Eman ta zabal zazu

Joseba Sarrionaindiak zioen Thomas Manek zioela, idazlea besteek baino zailtasun gehiagorekin idazten duena dela; idazterakoan besteek baino lan eta neke handiagoak hartzen dituelako dela idazle. Eta neuk ere horixe diot, idazle izan ez arren, ahaleginean nabil-eta, zer-zelan idatzi ez dakidala.

“Pentsatzeko, pentsazen dugula pentsatu beharra dugulako eta idazteak pentsamendua antolatzen laguntzen duelako” jarraitzen du Sarrik.
pentsetan

Blogen kontu honetan zertan sartu nintzen pentsatuz, nire pentsamenduaren agorraldi gorri honetan, idatzi-irakurriaren distantzia hori gabe,inori hitzez esango ez nizkiokeenak esaten ari naiz inoren hitzak baliatuz.

Geure hitzen esklabu eta geure isiltasunen ugazaba ei gara. Nik neuk hobe izango nuke, ideia sikate honetatik ateratzeko, sport-sport jantzi eta pentsamendua antolatzen lagunduko didan hanka jokoari ekin, ordu erditxo batez sikiera.

Eta, oraingoz, testu hau argitaratuko duen botoitxoari sakatu ez.

2006,February 14

San Balentinerako ideiak

Filed under: Zaharrak barri

Otsailak 14. eguna ere jo duela eta, ezin izaten dugu ahaztu egun hau maitasunaren adierazpen eguntzat hartu zutela egunen baten gure sakelzurrupatzaileek. Badira, ordea, horrelako kontuetan sinesten ez dugulako edo patrikak hustu xamar ditugulako, eguna ospatzeko beste modu batzuk.

Zure kasua lehenengoa bada, nik baino lehenago eta politoago azaldu du Isidro Vidalek bere blogean.

Zure kasua bigarrena bada, horra La cabra mecánicaren “Todo a cien” kantak ematen dizkigun ideia merke batzuk:

Es poco lo que tengo
pero todo te lo doy
el oro de mi tiempo
pa que te hagas un reloj
la flor de mis neuronas
pa enredarlas en tu pelo
y por su puesto la luna

Badu inork beste ideia merkerik?

2006,February 12

Papuako sekretuak

Filed under: Eman ta zabal zazu

Eta aurreko txatalak ere badu bere ifrentzua: izkutuan eduki beharrekoak agerian uzten diren bitartean, agerira atera beharreko kontu larriak izkutatzen zaizkigu Papua indonesiarrean.

Mundu Galdu baketsu honen inguruetan aurkitu daitekeen infernuaren berri irakur dezakegu gaur bertan BERRIAn:

” Ikus dezakezuenez pozik gaude oihana ikustera etorri zarelako. Baina ez dugu ulertzen munduak zergatik ez duen ikusi nahi gertatzen zaizkigun beste gauza asko. Zergatik ez duzue ikusten gure jendea hiltzen dutela? Zergatik ez duzue ikusten soldadu indonesiarrak gure kultura suntsitzen ari direla? Esan egingo dizut: mendebaldeko Papua suntsitzen ari dira.”

Mendebaldeko Papuak munduaren arreta nahi du. Gure hedabideak, gure gobernuak eta gure GKEak behar dituzte, munduak egiten dizkieten txakurkeriak ikus ditzan eta paradisuko irudi horietan izkutatzen den genozidioa geldiarazten lagundu diezaien
papua

Papuako berriak

Filed under: Zaharrak barri

Uste dut asteon bertan izan dela, ikertzaile talde batek orain arte ezagutu gabeko animalia espezie mordoa aurkitu du, sekula inork zapaldu gabeko lurralde batean, Papua indonesiarrean.

Lekutako amarenean dago Papua. Gu geu enteratu ere ez ginen egingo hango baso itxietan inor sartu dela, komunikabideengatik ez balitz.

Ikertzaile talde horretan, hain pribilejiatuak izanda, bere aurkikuntzaren berri lau haizeetara zabaltzeko bezain memeloak izan daitezke? Munduan hiru-lau txoko geratuko dira gizakiak zapaldu barik eta ez al dira orain hara hurreratuko den giza oldearen beldur? Zer dela-eta “txibatzen dira”?

Aurkikuntzaren berri emateak sor liezaiekeen prestijioa inguru eder haiek bere hartan irautea baino gehiago interesatu zaie, antza denez, naturaren maitale hauei.
papua

2006,February 8

Nor da poeta hemen?

Filed under: Zaharrak barri

Urtarril-otsail bitarteko nire hausnarketak jarraitu dituenak erraz antzemango du nire azken irakurketak zeinenak izan diren eta zein soinu banda darabildan durunduan.

Eta “poetak” darabiltzat buruan joan eta etorri, joan eta etorri… Felipe Juaristi poeta institutuan irakurritako elaberri baten harira ezagutu eta, entzundako azken kontzertuaren harira, kotxean “hay poetas de la calle, hay poesía en movimiento, hay poetas que se bajan la bragueta, ay ay ay ay ay…” Eta poetak buruan joan eta etorri.

Zer da poeta izatea? Eskola sasoian, espaniar literaturako poeta handien lanak ezagutu genituen eta aztertu baino gehiago, oiloen moduan aztarka ibili ginen Machado, JR Jimenez edo Garcia Lorca bezalakoen hitzetan. Eta, beharbada, orduko gaztetasunagatik, edo islatzen zuten unibertso urrunagatik, edo erdal hizkuntzaz nuen ezagutza prezisio gabeagatik ez nuen jakin haien lan handiak estimatzen. Poesia dohain jainkotiarren batek ikututakoek baino ez zuten ulertzen.

Euskal literaturan zaletuaz batera, Kirmen Uribe edo Pako Aristiren poesia narratibo hurreragokoari sikiera usain hartzen niela ikusteak lasaitu egin ninduen, lasaitu ninduenez… Poesia kaletiarragoa, gizatiarragoa eta eskuragarriagoa dela sinestuta bizi naiz orain.

Baina, hara nondik, nor zen ere gogoratzen ez dudan idazle batek, telebistan, ulertarazi zidan poeta izatea, punkia edo rockerra izatea bezalaxe, bizitzaren aurreko jarrera bat zela; idatziz adierazteko gaitasunik izan ez arren, bizitza poeta jende praktikanteak baino modu lirikoagoan ulertzen duen jende ugari dela bazterretan… Eta ez berbaz, ez idatziz sekula iaioa izan ez naizen honek, hortxe nago ni, pentsatu nuen neure bostean.

Bada, horixe, poeta mota asko dagoela. Brageta jaisten dutenetarikoak ere bai. Eta, gainera, zer demonio, El cartero de Pablo Neruda filmean ziotenez, LA POESIA NO ES DEL POETA, SINO DEL QUE LA NECESITA.
poeta






















Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Hadley Wickham

El Tiempo Bilbao / Sondica